Páginas

06/11/2009

Berria egunkarian agertutako albistea / Noticia publicada en Berria


Bi helbururekin abiatu da Nepalera hamalau laguneko talde bat: Kangchenjungaren magaleko Tamur ibaian behera jaitsi nahi dute, eta hango gizartearen berri dokumental batean jaso.

Nepalgo altxorren peskizan


Ekaitz Agirre.


Mendian gora igo eta zerua ia ukitu nahi duten mendizaleentzat ez ezik, glaziarrak urtu ahala mendian behera sortzen diren ur-lasterrak jaitsi nahi dituzten piraguista eta abenturazaleentzat ere paradisua da Himalaya. Bost altxorren mendia deitzen diote hangoek Nepalgo Kangchenjunga mendiari (8.598), 8.000 metrotik gora dituen bost tontorren gorazarretan. Erraldoi hartako glaziarrak dira, hain zuzen, Tamur ibaiaren sorburua. Hamalau laguneko espedizio bat abiatu zen atzo Euskal Herritik Nepalera, Tamur ibaitik rafting-ean jaistea helburu hartuta. Espedizioak, ordea, badu beste xede bat: ibilbidean bildutako irudi eta bizipenekin Nepalgo gizartearen berri ematea. Dokumental bat egingo dute horretarako, Bideografik Ekoizpenak etxearen eskutik, eta dagoeneko izenburua jarria diote proiektuari: Tamur, Kangchenjungako harribitxia.

Txus Ruiz de Erentxun piraguista da espedizioaren arduraduna. Harekin batera, beste hamahiru lagunek osatzen dute taldea, Bideografikeko hiru kide tartean. Abentura hutsetik harago joan nahi du espedizioak, eta «ezohiko ukitua» eman asmo diote. «Ibai baten jaitsiera Nepalgo bizimoduaren berri emateko aukera aproposa da. Hamar bat egun beharko ditugu Tamur ibaitik jaisteko, eta ibaiaren ertzetan geratuko garenez gaua pasatzen, tribu eta herriekin harremana izateko baliatuko dugu», azaldu du Bideografik etxeko kide Karlos Iglesiasek.

Naturari lotutako herria da Nepal, eta mendiguneetan bizi diren nepaldarrek naturarekiko harremanean oinarritzen dute beren egunerokoa. Tamur ibaiaren ertzean bizi diren herriek ibaia bera dute bide eta bizitza. «Naturaren edertasuna agertu nahi dugu dokumentalean, baina baita Nepalgo erradiografia moduko bat egin ere. Gizartearen berri jaso nahi dugu: erlijioa, emakumearen rola, mendebaldeko eta ekialdeko gizarteen arteko aldeak, ekonomia...», argitu du Ruiz de Erentxunek.

Nortzuk dira? Non eta nola bizi dira? Zer pentsatzen dute? Zer sentitzen dute? Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatuko dira, eta bide horretan Nepalgo gidari bat izango dute bidelagun. Haren begietatik ezagutaraziko dituzte Nepalgo gizartearen ezaugarriak. «Hizkuntzei dagokienez, adibidez, nepalera da herrialdeko hizkuntza ofiziala, baina beste 50 hizkuntza ere hitz egiten dituzte, eta nepaldar askorentzat bigarren hizkuntza da nepalera», argitu du Ruiz de Erentxunek. Gidari lanean ari direnen baldintzak ere azaleratuko dituzte: «Gu mendebaldean nola bizi garen eta hango gidek zer bizi-baldintza dituzten alderatuko dugu; zoritxarrez, gure aldean, baldintza txarretan bizi dira haiek».

Nepalgo seigarren ibaia da Tamur luzeenen artean, eta haran basatietan behera jaisten da 120 kilometroan. Lehen zatian 5. eta 6. mailako ur-lasterrak gainditu beharko dituzte espediziokideek -6. gradua da, hain zuzen, ur-lasterretako jaitsieran zailtasun gorena-. Malda leundu egiten da beherago, eta azken 40 kilometroetan berriro tentetzen. Tamur ibaiaren jaitsierak hartuko du espedizioaren denbora tarterik handiena, baina beste bi ibaitatik ere jaitsi asmo dute: Marsyandi eta Bote Koshi. Bestelako ezaugarriak dituzte bi ibaiok. «Zailtasun handiagoa dute, eta piraguetan eskarmentu handiagoa dugunok soilik jaitsi gara handik».

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada